2007-03-07

txapela buruan eta ibili munduan?

artearen munduarekin zerikusirik ote du esaldi honek? euskaldunak munduan zehar dabiltzala badakigu denek, eta artista eta historiagileei dagokionean joera berdina agertzen delaren zalantzarik ez dago: maider lopez holandan, ixone sadaba new yorken, abi laskoz, itziar okariz, sergio prego eta beste hainbatekin batera; eta ni hemen, grisaren tonalitate guztiak bere paletan probatu dituen artistaren kreazioan (apaltasun osoz). halere, hain argi ez dudana honako hau da: zenbateraino konturatzen dira hemengoak hemen gaudela? edo hobe esanda, artistak kanpora bidaltzeaz gain, eusko jaurlaritzak edo bestelako instituzio eta eragileek lan egiten al dute euskal artearen promoziorako?

ez naiz galdera hau erantzuteko gai ikusten, baina zerbait ziurtatzeko bai: londresen jendeak ez daki ezer euskal arteari buruz. sergio prego, ana laura alaez eta maider lopez bienalean egondako artistak direla aipatzen dudanean, bekainen altxamenduaren konpetizio lokalean ehunetik bi puntu jasoko zituen mugimenduak baino ez ditut jasotzen. oh, really? ba yes, really. zergatik ez dira artista hauek baionatik haruntza ezagunak?

eusko jaurlaritzak bere aldetik ezer egiten ez duela esan nezake, eta ziur nago laguntza gehiago emateko gai izango litzakeela, edo bertako komisarioei beste lurraldeetan erakusketak egiteko nolabaiteko proposamenak egin ahal izango ziela; hau al da, ordea, arazo bakarra? agian guk, komisario gazteok, errudun gara besteekin batera, atzerrian proposamen gehiago ez aurkezteagatik, baina jasoko al genduke behar adina laguntza? agian bai. ez dakit, esan bezala, galdera asko dauzkat; erantzun gutxi, ordea.

argi dagoen puntua honako hau dugu: euskal arteari buruz etxetik bi mila kmtara ez dakitela ezer. zerbait egin beharra dago. baina zer? noren esku?

No hay comentarios: